Más de 11.000 entradas y 1.050.000 visitantes desde el 9 de octubre de 2011

Amnistiaren aldeko kontzentrazioa egingo dute Barakaldoko jaietan

Barakaldoko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jaietan euskal preso politikoen amnistiaren eta eskubideen alde jardutera animatzen zaituztegu. Horren baitan, Uztailaren 22an, larunbata, 20:00tan txosnagune ondoko Anaien Parkean burutuko den “ANTOLAKUNTZA ETA BORROKA. AMNISTIA DA BIDE BAKARRA" lemapeko kontzentrazioan parte hartzeko gonbitea luzatzen dizuegu.

Herri zein auzoetako jaiak betidanik izan dira kontzientziazio tresna eta aldarrikapen justu eta legitimoen erakusleihoa. Horregatik, kontuan izanda amnistia dela herri honen askatasunagatik dena eman dutenen askatasuna lortzeko bide bakarra, berau guztion ahotan egoteko lan egingo dugu. Kartzelaratuen ateak irekitzeko giltza izateaz gain, amnistia lortzeak atea itxiko lioke etorkizunean errepresaliatu politiko gehiago egoteari, izan ere gatazkaren kausen gainditzea suposatuko luke, espainiar eta frantziar estatuek gure herriari inposatutako nazio eta klase zapalkuntzari amaiera emanez. Estatu hauek dira, hain zuzen, gaixotasun larriak pairatzen dituzten militante errepresaliatuak torturatzen dituztenak, xantai politikoaren bidez. Beraien biziaren eta duintasun militantearen arteko hautua egitera bultzatzen dituzte. Jakin badakite beraien egoera kritikoa dela, sufritzen dituzten gaixotasunak ez direla eramangarriak kartzelako erregimenarekin eta belauniko nahi dituzte beraien jarraibidea herri osora hedatzeko helburu politikoarekin. Ezin dugu onartu, etsaien atzaparretatik askatu behar ditugu behingoz! Martxan jarri behar gara kaleak elkartasunez, antolakuntzaz eta borrokaz pizteko.
Amaitzeko, espero dugu jaietan ez egotea inolako eraso matxista, homofobo, arrazista edo klasistarik. Jaien testuingurua eta aurreko egun-asteetan egondako kasuak kontuan izanda, biolentzia sexistak arreta berezia merezi du. Burges ideologia eta patriarkatuari, drogen kontsumoan oinarritutako aisialdi alienatzaile eta hipersexualizatua gehitzeak eragiten dituen emakumeen aurkako eraso hauen aurrean erantzuna irmoa izan behar da: autodefentsa feminista eta elkarrekiko babesa. Erasorik ez erantzunik gabe! Zentzu honetan, Iretargi talde feministak antolatutako eta gaur kontzertuen ostean Herriko Plazatik irtengo den “EL MIEDO VA A CAMBIAR DE BANDO” manifestazioan parte hartzera animatzen zaituztegu.

JAIETAN ERE JO TA KE AMNISTIA TA ASKATASUNA LORTU ARTE!

PRESO GAIXOAK KALERA! AMNISTIA OSOA!

Barakaldo, 2017ko uztailaren 15a.

(Amnistia Garrasia)